Soiluzioak 2023 Lurzorua Babesteko Kongresuarekin bat eginez, Common Forum on Contaminated Land in Europe foruak bilera egingo du udazkenean, irailaren 9tik 11ra. Euskadi izango da topaketaren anfitrioia, eta Ihobe sozietate publikoa eskualdearen ordezkari. Europar Batasuneko estatu kideetako eta eskualdeetako eta Europako Merkataritza Askearen Elkarteko herrialdeetako ingurumen-agintaritzetako lurzoru kutsatuetan adituak diren hogeita hamar bat adituk osatzen dute foroa.
1994an sortu zen, eta, bertan, ezagutzak eta esperientziak trukatzen dira, erakunde kideen artean nazioarteko proiektuak hasi eta horien jarraipena egiten da, bai eta lurzoru kutsatuen politikari, ikerketari eta kudeaketari buruz eztabaidatu ere. Gainera, ezagutzak trukatzeko aukera ematen die beste eragile batzuei, gai horren inguruko Europako eta nazioarteko sareekin duen lankidetzari esker.
Topaketa Euskalduna Jauregian izango da, eta leku hauetako ordezkariek hartuko dute parte: Austria, sareko idazkaria; Frantzia; Italia; Alemania; Herbehereak; Flandria eta Valonia; Suitza, Luxenburgo, Danimarka, Suedia, Norvegia, Lituania, Katalunia eta Euskadi, besteak beste.
Common Foruma eta Soiluzioak 2023 kongresua batera egingo direnez, Ihobe sozietate publikoak sare horren esperientzia kongresura bertaratutako pertsonekin partekatzeko aprobetxatuko du, lurzoruaren monitorizazioari eta erresilientziari buruzko Europako zuzentarauaren proposamen berria ardatz duen saio ireki baten bidez.