Ihoberen partaidetza izan duen Europako proiektu horren azken konferentzia urriaren 9an izango da, Euskalduna Jauregian, eta Euskadiko Lurzorua Babesteko Kongresua baino lehenagoko ekitaldia izango da.
Azken bost urteetako jardueren emaitzen balantzea aurkeztuko da ekitaldian, eta Europan lurzoruak konpontzeko ikerketa, garapen eta berrikuntzaren kontratazio publikoaren etorkizuna eztabaidatuko da.
Urriaren 9an, Euskalduna Jauregian, lurzoruak deskontaminatzeko Posidon (Polluted Site Decontamination) proiektuaren azken konferentzia antolatuko da. Proiektuak Europako Batzordearen Horizon2020 programaren finantzaketa izan du. Euskalduna Jauregian bertan urriaren 10ean eta 11n izango den SOILUZIOAK 2023 Euskadiko Lurzorua Babesteko Kongresuaren aurreko ekitaldia izango da konferentzia.
Saioan zehar azken bost urteetako jardueren emaitzen balantzea aurkeztuko da, eta Europan lurzoruak birgaitzeko ikerketa, garapen eta berrikuntzaren kontratazio publikoaren etorkizuna eztabaidatuko da.
Posidon proiektua lurzoru kutsatuak berreskuratzeko erosketa prekomertzialeko prozeduren erabileran oinarritu da, eta kutsatzaile analogoek, hidrokarburoek edota metal astunek ukitutako lekuak kudeatzeko erronka duten Europako askotariko erosleak hartzen ditu barne. Ihobe – Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak proiektuan parte hartu du, eta Bilboko Udala eta Triesteko Portuko Agintaritza izan dira erakunde parte-hartzaile nagusiak. Halaber, beste hiru erakundek ere hartu dute parte: Gasteizko Udala CEA bidez (Ingurumen Azterketako Zentroa), Baia do Tejo (Portugal) eta Spaque (Belgika). Era berean, bi zentro teknologikok ere hartu dute parte: Tecnalia (Zamudio) eta Area Science Park (Trieste), bai eta MAS eta PROcurement enpresek ere.
Ekimenaren helburu nagusia zera da: eskari publikoa aprobetxatzea lurzoruak deskontaminatzeko soluzio berritzaileak eta jasangarriak identifikatzeko, eta horretarako soluzio teknologiko berriak, aurreratuak eta bizi-zikloan zehar errentagarriak direnak garatzea, lurzoruak eta lurpeko urak erremediatzeko.
Azken saioan zehar, ezagutzera emango dira proiektuaren bost urteetan ikertu diren askotariko baliabide teknologikoak; horietako bi leku banatan frogatu dira: bata Zorrotzaurren (Bilbo), eta bestea Triesteko portuan.
Saioa kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen jabe direnei dago zuzenduta, bai eta deskontaminatzeko soluzioak diseinatzeko gaitasunak dituzten erakundeei ere. Parte-hartzaileak ekitaldira bertaratu ahal izango dira, bai eta saioa online jarraitu ere, hemen izena emanez gero.